Ibiltari baten egunkaritik. “Hilda gero, salda bero”

irudi600

Bertolucciren”TheShelteringSky” fotograma

(Galde 13, negua/2016). Lourdes Oñederra. Hildakoez ia denok esaten ditugu gauza onak… Norbait hiltzen zaigunean hiletetara joaten gara eta, horretarako, baimena ematen diogu gure buruari: lana uzten dugu edo larunbateko sofatik altxatzeko kemena ateratzen dugu. Beste norabait joateko kilometroak egin behar baditugu ere, denbora hartzen dugu, hildakoa bizi zenean hari bixita egiteko baino errazago, zalantza gutxiagorekin. Zenbat aldiz gelditzen zaizkigun elkarrekin egin beharreko afariak airean, elkarri agindutako planak bete gabe, urtemugak ospatu gabe.

Ahal den bitartean egin behar da egin nahi dena eta horrek epe bat du. Bertolucciren El cielo protector filma hasten denean, off-ahots batek dio nola Jane eta Paul Bowles bizi ziren, bizitza inoiz bukatu beharko ez balitz bezala. Ez dut Bowlesen izenburu bereko nobela irakurri, ez dakit esaldia nobelatik aterea den ala ez. Filma aspaldi ikusi nuen  eta gauza asko ahaztu zaizkit, baina esaldia behin eta berriz etorri zait gogora urteetan zehar, berez bezala, gero eta maiztasuna handiagoz, gero eta gertuagotik ahoskatua bezala.

Lagunen baten berri aspaldi ez dugula gogoratzen dugunean eta deitzea pentsatzen dugunean, astebururako uzten dugu. Asteburuan ez gara ausartzen edo alfergura sentitzen dugu. Agian ez dugu momentu onean harrapatuko… Bazkaltzen egongo da, edo siestan, edo norbaitekin edo zerbaitetan. Beharbada ezetz esango dit, ez duela gelditzeko denborarik. Edo ez da ondo egongo eta arraroa irudituko zaio juxtu gaur deitzea horrenbeste denbora deitu gabe egon ondoren. Edo umeak eraman beharko ditu norabait. Nik ere zerbait kontatu beharko diot eta ez dakit nondik hasi. Ez dut gogo handiegirik ere. Ez dut ezer berezirik hari esateko azken aldi honetan. Gainera erosketak ere egin behar nituzke eta kotxea asteburu honetan garbituko nuela agindu nion nire buruari. Ziurrenik topo egingo dugu udan, herriko festetan edo hondartzan edo zerbait hartzen taberna batean hauetako egunen batean, hauetako hilen batean, hauetako urteren batean. Halaxe joaten baitira egunak eta asteak eta hilak eta urteak, axola zaigun jendearen berririk gabe. Gezurra dirudi, esaten dugu batzuetan, hiri berean bizi gara eta ematen du munduaren beste puntan gaudela, noiz egon ginen azkeneko? Izango da urtebete… ez, gehiago.

Beti da gehiago.

Eta, halako batean, esaten digute delako hori, gogoratu bai, baina ikusi ez duguna, deitu ez diogun aspaldiko hori oso gaixo dagoela, edo istripu batean hil dela. Eta orduan hiletetara joaten gara, jota, hunkituta, baina baita, azken batean, irauten duena izatearen lasaiatasun ilun horretan.

Hildakoaren eta gure beste ezagunekin elkartuko gara tanatorioan edo eleiz atarian eta norgehiagoka itsuan hasiko gara nork kontatu anekdota xelebreena, harrigarriena, hunkigarriena, nork oroitzapen esanguratsuena… erakusteko zenbat ezagutzen genuen hildakoa eta berak zenbat estimatzen genuen guk hura eta hark gu, nola maite genuen (nahiz ziurrenik ez genion inoiz adierazi), zelako grazia zuen, zenbat ikasi genuen beragandik (nahiz bizi zen bitartean eskertu ez).

Gu ere hilko gara, istorioa beti (berdin) bukatzen da. Horrekin obsesionatzeak ez garamatza inora. Bueno, bai: depresiora eta bizitzaren zati handi bat ez bizitzera. Baina kontrakoak ere antzeko emaitza du. Betiko iraun beharko bagenu bezala egoteak inkontziente askotan (gehiegitan) eramaten gaitu egin beharrekoa ez egitera, esan nahi dena ez esatera, ez ausartzera, alferkeria beste zerbaitez mozorrotzera: nostalgiaren paralisira eta geroaren amarrura, orainaren errealitatetik bahituta.

Categorized | Cultura

Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Egileak