Zenbat lur behar du gizon batek?

Oier Etxeberria. (Galde 07, uda-verano/2014). 1886an Lev Tolstoik idatzitako ipuin baten izenburua da. Gero eta lur gehiagoren jabe egitearen irrikaz, guztia galtzen duen nekazari baten historia kontatzen da bertan. Izenburu honekin, 2014ko uda honetan Cristina Enea Fundazioan aurkezten den erakusketa-proiektuak, idazle errusiarraren alegian present dauden zenbait gairi heldu nahi izan dio. Mende eta erdi beranduago eztabaida ekologistaren eta berea duen gizakia eta lurraren arteko harreman orekatuago baten bilaketaren erdigunean dirauten gaiak hain zuzen ere. Erakusketan aurkitu daitezkeen material ezberdinetatik abiaturiko gogoeta batzuek osatzen dute ondorengo idatzi hau.

1.- Jabetza komunalaren eta pribatizazioaren arteko gatazkak nola feudalismotik kapitalismorako trantsizioa egituratu zuten azaltzen duten ikerlan historikoak ugariak dira. Oraino, dinamika horren itzal luzeak gaur egun ere munduan nagusi izaten jarraitzen du. Kapitalaren sorrera eragin zuten prozesuak ez baziren baketsuak izan, gaur egun merkatu librearen ideologiak komuna denaren bereganatze prozesua hedatzen jarraitzen du. Bitartean, natur-baliabideen erabateko degradazioa ikusten dugu, hala nola jabetza eskubide forma ezberdinak –komuna, kolektiboa, estatuarena– pribatizatzea –izan osasuna, kultura edo hezkuntza–, edota bizia bera, bioaniztasuna edo informazio genetikoa bereganatzea zilegitzen duten arau eta legeen agerpena.

Modernitatea eta aurrerabidea aldebiko kontakizun batek deskriba ditzazke; askapenaren diskurtsoak alde batetik, eta mendekotasunarenak bestetik. Zenbat lur behar du gizon batek? erakusketa-proposamena narratibotasun anbibalente horretan kokatzen da, beren denbora propioa gainditu eta orainari eragiten dieten errelatoen eta elkarrizketen bilaketan betiere.

2.- Proiektu hau XX. mendean zehar merkataritzaren eta ekonomia politikoaren berezko izaera bizkarroia ezbaian jarri zuten komuna-esperientzien ikerketatik abiatu da. Historia, prozesu lineal bezala eta arrazoiaren bilakaera eta burutze bezala ulertzen zuten narratibotasun «zientifiko» nagusietatik alboratuak gelditu diren esperientziak nolanahi ere. Egungo ereduari alternatibak proposatze hutsa arazo bilakatu denean, komuna-esperientzia hauen azpian dauden galderek «errealitatea» zalantzan jartzeko balio dutela ematen du. Eta bilakaera honetan kokatzen dira hain zuzen ere «praktika komunalaren» forma ezberdinak, batik-bat XX. mendean garaturiko esperientzia kolektiboetatik hasita bereziki. Izan ere, ez dira soilik jabetzarena bezalako kontuak krisian jartzen dituzten jarrerak eta proposamenak, baizik eta orobat, pertzepzio sistemei eta hizkuntza heredatuei, ezagutzaren distribuzio-moduei, autoretzari, edota pedagogia eta gizarte antolaketa ereduei dagozkienak.

3.- Behin eta berriro, kolektibotasunaren adierazpen formak arazo bezela agertzen zaizkigunez, erakusketa formalki ere bilaketa baten ondorio izan dela azpimarratu behar da: dokumentuak, artelanak eta arkitektura saiakerak biltzen dituen tentsio une ezberdinen pilaketa bat 1.

Esanguratsua da egun oraindik abian dauden “komuna” askok -ia kasu guztietan- erakusketan irudikatuak agertzeko eskaerari lehenengoz, oztopo eta zalantzaz beterik erantzun izana. Baina kolektiboaren adierazpen formalaren arazoak, zuzenean beste hainbat motibotara garamatza: egindako bidean bilkurak hartutako izaera juridikora, lidergotzaren eztabaidara, liturgia eta orokorrean partaideak bilduko dituen intimitate sentikorraren dentsitate material eta imaginariora etab…Guzti horren erdian, askotan entzun ohi den kolektiboarekiko banakoaren ustezko menpekotasunaren auzia datorkigu. Baina zalantza horrek okerreko bidetik garamatza, ez digu argitzen lagunduko gai horietan egon daitezkeen nabardura eta argi-itzalak, funtsezkoena kolektibotasuna eta pertsona orok duen inpertsonal horren arteko gatazka baita. Egungo zientziek gizabanakoaren ibileran murgildurik, funtsik gabeko euskarriak eskaintzen dizkigute behin eta berriro beraien ikerketetan, eta kontrako eztarritik bezala, erreala den horren inguruko galderari ahotsa arte garaikideak emango dio, demokraziak eta kontsumitzaileen bulegoek, zenbakien eta estatistikaren laguntzarekin erabat otzandu duten komunitate ideia hori gainditzeko aukera korapilotsua zabalduz.

4.- Stewart Brand Whole Earth Catalog izeneko aldizkariaren zuzendaria izan zen 2. Aldizkari honek berebiziko garrantzia izango du Estatu Batuetako 70eko hamarkadan eman zen landa-gunerako exodoan sortu ziren ehundaka komuna haietan bizi zirenentzako. Unitate txiki guzti haien artean sare bat osatzen laguntzen zuen tresna izan nahi zuen proiektuak 3. Urte batzuk lehenago, Stewart Brand famatua egingo zen NASAk argitara eman nahi ez zituen argazki batzuk publiko egin zitzaten eskatzeko antolatu zuen kanpaina arrakastatsuaren ondorioz. Argazki horietan ageri den gauza bakarra satelite bidezko Lurraren irudia da.

lurra

Bere ustez, gerra hotzaren sasoian, mundua banantzen zuten bi bloke nagusien aurrean, irudi horiek sekulako indarra zuten gizateria komunitate bakar baten gisa erakusten zutelako, eta, horregatik, Whole Earth Catalog-en enblema bihurtuko ditu Stewartek argazkiok 4.

Espaziotik egindako munduaren argazkiak iruditeria berri baten erantzule izango dira 5, baina lurraren erreforman oinarritutako “hirugarren bide” baten aukera aspaldikoxeagoa da. Gogoratu dezagun Fidus (Hugo Reinhold Karl Johann Höppener) artista grafiko eta pintoreak, hamarkada batzuk lehenago XX mende haseran, bineta batean Lebensreform mugimenduaren lema hura literalki marraztu zuenekoa: bidegurutzetako letrero bat hiru norabide posible seinalatuz ageri zaigu. Eskuinaldera “Kapitalismoa” dioen seinaleak itsaslabar baten ertzera garamatzan bide bat erakusten du. Ezkerrera “Komunismoa” dioen besteak urruneko mendi batzuen tontorrera luzatzen den bide nekeza. Hirugarren bideak aldiz, “Lurraren Erreforma” dioenak, zuzen zuzenean egunsenti batek alegiaz irudikatzen duen paradisura eramango gintuzke.

Ekologismoaren hainbat adarkadura, ideologia hegemonikoaren parte bihurtzeko zorian daudenean (gauzak bere lekuan eta arazoak beharrezko zaion distantzia batetara mantentzeko Estatuaren tresna 6) ez ote da alferrikakoa izango atzera begirada luzatzea, batez ere egoera politikoak berak, garai horren hastapenetara garamatzanean?
lurrasat 
Izan ere Lebensreform mugimenduaren bilakaeran, ekologismo modernoaren oinarriak topatuko baditugu ere, ez gaituzte harritu behar Nazionalsozialismoari egindako pleitesiek eta atxikimenduek 7.

Baina bidezkoa al da Lebensreform mugimendu proto-hippie honen izaera erromantikoari gaitz guztiak bere gordinean egoztea? Mitologia greko-erromatarraren gorazarrea, balore burges eta industrialen ukapena…etab.  Ez ote da zuzenagoa pentsatzea, aurrerapena eta teknokraziaren garapenaren fedearen lilurak, giza-naturaren ikuspegi esentzialista batek lagunduta, bultzatu zituela eugenesiaren zientzia berria besarkatzera?

Modernitateak eragingo duen mugimendu bikoitzean, natura esplotatu eta zientifikoki ezagutzeko eginkizuna, alegiaz bere ama-sabelera itzultzearekin elkartuko da 8.

5.- Zentzu askotan Lebensreform mugimenduaren jarraipen natural gisa ulertu behar da Monte Verita, XX mende haseran Europan izan zen komunarik garrantzitsuena, bertatik pasatu ziren pertsonaien galeriari kasu egiten badiogu behintzat: Isadora Duncan, Hugo Ball, Suzanne Perrottet, Carl Jung,  Kropotkin printzea, Herman Hesse, Rudolf Van Laban dantzaria eta Erich Mühsam poeta, antzerkilari eta anarkista besteak beste. Azken honek, urteen poderioz komunitarismo berrien merkantilizazioa deitoratuko du, behin partaide izan eta “etxegabeen errepublika” bezela bataiatu zuen Monte Verita komunari kritika zorrotzak zuzenduz:

Begetarianismoa gizadia salba zezakeen ideiatzat saldu zen, eta hain ideologia ezdeusaren oinarrietan inongo amets sozialistarik gauzatzerik ez zela begi bistakoa egin zenean, jendea printzipio etiko bat enpresa kapitalista bati lotzen saiatu zen -alferrikako arriskua edonola ere. Egoera hauetan beti gertatzen den bezala, printzipio etikoak galdu zuen Monte Verita. Gaur egun jatorrizkotik geratzen dena barregarria da: “kolegei” 5 orduko txandetan lanean aritzen uzten dien jabe alai bat, berak, ordain irregularra jasotzen duen lanesku esplotatu bat eskura duen bitartean. 9

Muhsam-en hitzek aipatzen duten komunitarismoaren domestikazio hori, gaur egungo ideologia leun eta azukredunaren ugalketaraino hedatu dezakegu, elkarbizitza demokratikoren erretolika anbientalista eta multikulturalaren erretratu goiztiar bat balitz bezala. Jakintsuen aholkuak jarraitzea derrigorrezkoa bihurtu nahi duen gizarte honetan, aldaketa kolektiboaren aldeko apustua halako banakako printzipio etikoek ordezkatu dute, gobernatzeko modu berri baten leloak bihurtu diren punturaino. Supermerkatuan bezela, ingurugiro  kontuetan ere oraindik aukera bat dugula sinestarazi nahi digu kontsumoaren ideologiak 10. Errealitatearekin daukagun konpromezua behin eta berriz bermatzeko instrumentu bilakatzeko arrisku hau dela eta, ingurumenaren kultura politikoa, ustez galdutako oreka baten konponketa baino haratago bultzatzea ezinbestekoa da.

6.- Ekologia eta komunitatea banaezinak dira orokorrean. Gero eta zabalagoak diren talde eta kolektiboetaz arduratzea dela esan daiteke pentsamendu ekologikoaren xedea 11. Baina gizakiak bere inguruarekiko berezkoa duen pitzadura ezin da alboan utzi. Freud-ek “egonezina kulturan” liburuaren sarreran munduarekin bat izatera garamatzan sentimendu “ozeaniko” hori heldutasunera iritsi ez den pentsakera batena dela esango du. Gure sinesmenak itsasaldiak eragiten dituzten astroen indar magikoen esanetara jartzea baino inozokeria haundiagorik ez legoke arimen kontu-hartzaile honentzako. Izarretan idatzita legokeen patuaren aurka altxatzen den egin nahi (handinahi) bat delako haustura horren erantzule, eta zalantzari bidea egiten dion zauri sendaezina, aldiberean.

Orain, konsumismo tekno-baikor eta ikuspegi holistiko-organikoek, eskutik gure neurrirra egindako errealitate bat eskaintzen digute, pentsamendua eta pentsatzen den horren arteko zartadura estali nahian. Baina gure neurrira egindako errealitatea daukagun hauxe da. “We are the world” zioen kantuak eta zaila egiten da desgrazia haundiago bat imaginatzea 12. Teoria kritikoak behin eta berriro ohartzen gaitu lokalismo erregionalen estetizazio naturalistaren arriskuaz, baina teoria honen arazoa, bere burua munduko hiritartzat daukan kosmopolitismoaren aurrean kuzkurtzea litzateke.

Jehovaren testiguen marrazkietan bezala gure zoriontasuna eta izaera propioa erakustera gonbidatzen gaituen hizkera berri baten aurrean gaude. Dena zoologo, folklorista edo antropologoek erraz identifikatzeko moduan prestatu nahi duena. Animalien behaketan denbora pasa duen edonork onartuko lukeenean animalia orori ukatzerik dagoen askatasunik okerrena ezkutalekuarena dela 13.

Lyoneko Zoologikoan arratsalde pasa zebilela eguzki galdatan asper asper eginda zegoen lehoiaren aurrean ikusitakoa kontatzen digu Sanchez Ferlosio idazleak “…por entre los arbustos que nos separaban de los barrotes tras los que la fiera levantaba el hondo y prolongado bostezo de sus fauces hacia el gris domingo provinciano, deslizarse, espléndida de gracia, de sigilo y de libertad, una gran rata” baliogarria egiten zaigun hausnarketa bati lekua egiteko: “el león no era allí más que un pobre pensionado del ayuntamiento de Lyon, subvencionado para representar a una presunta Naturaleza, a la que, por lo demás, a causa de esta misma circunstancia, mal podía ya, en verdad, representar, y que naturaleza, en todo caso, no era allí sino lo que había traído y había hecho surgir y campear por un momento ante nuestros ojos la admirable rata que, imprevista, inconsentida, indeseada y hasta prohibida, había cruzado delante de él. 14

Natura ezusteak definitzen du, harrapatu, definitu eta irudikatu ezin dugun horrek. Ekintza politikoaren deskribapen hobeago bat ere ez zait bururatzen momentu hauetan. Komunitate berri bat pentsatzea aldarrikatzen duen kultura politiko ekologikoak, aurrean dituen erronka erraldoien aurrean eraginkorra izan behar badu, naturaren ideia bera da zalantzan jarri beharko duena 15, komuna den horrek, lehenbizikoz, aurrez zehazturiko komunitatea ukatu beharko duen bezala 16.

CommCristina

Notes:

  1. Agency / Ajoblanco / Archivo FX / Basilio Martín Patino / Brotherhood of the Spirit / Comuna Antinacionalista Zamorana / Dan Graham / Darío Regoyos / Degania / Durangoko herejeak / El Cabrito / Elena Odriozola / Fidus / Hamlet Hovsepian / Ixiar Rozas / Juan Pérez Agirregoikoa / Lebensreform / Longo Mai / Monte Verita / Shakers / Theo Altenberg / Twin Oaks / Ula Iruretagoiena / Whole Earth Catalog / William Burroughs eta Xabier Salaberria-k osatzen dute erakusketako partehartzaileen zerrenda.
  2. The Whole Earth California and the Disappearance of the Outside. Izen hau hartu zuen Diedrich Diederichsen eta Anselm Franke-k  2013an Berlineko HKW-n komisariaturiko erakusketak. “Munduaren” irudiaren agerpena eta berari loturiko paradigma ekologikora posizio kritikoetatik hurbiltzen diren material historiko-kultural eta posizio artistikoz osaturiko saiakera bat egileen hitzetan.
  3. “Together, the Whole Earth Catalog and the Supplement became textual forums whitim which a geographically dispersed collection of individuals and groups come together, in text and sometimes pictures, and recognize each other as members of a single community.”  From Counterculture to Cyberculture. Fred Turner. The University of Chicaco Press. 2006
  4. Ikuspegi batek mundua aldatu dezakeela pentsatzea garai Erromantikoari oso loturik dagoen ideia bat da, mundu-ikuskera bera bezala (Weltanschauung).
  5. “Todo funciona. Esto es precisamente lo inhóspito, que todo funciona y que el funcionamiento lleva siempre a más funcionamiento y que la técnica arranca al hombre de la tierra cada vez más y lo desarraiga. No sé si Vd. estaba espantado, pero yo desde luego lo estaba cuando vi las fotos de la Tierra desde la Luna. No necesitamos bombas atómicas, el desarraigo del hombre es un hecho. Sólo nos quedan puras relaciones técnicas. Donde el hombre vive ya no es la Tierra.” Entrevista del Spiegel a Martin Heidegger. Traducción de Ramón Rodríguez, en Tecnos, Madrid, 1996.
  6. “En defensa de las causas perdidas”. Zizek, Slavoj. Akal. 2011.
  7. Hain zuzen Lebensreform mugimendutik Nazional Sozialismora erakarria izan zen figurarik garrantzitsuenetakoa izango da Fidus, 1932ko maiatzaren Iean Partiduko kide egin zen. Bere marrazkiek beti ere Iparraldekoa zein Klasikoa litzatekeen edertasun baten estetika bat igortzen dute, eta Germaniako hondakinekiko bere lilurak (gaztelu, mito eta kondairak) eragin luzea izango du.
  8. Bergua Amores, J. A. (2008): Naturalismo, culturalismo y poder. Notas para una sociología del paisaje, Revista Española de Sociología, nº 11, pp. 79-100
  9. “Excerpts from Ascona” (1904-1909: Travelling Years). Mühsam, Erich. Liberating Society from the State and Other Writings: A political Reader. Edited Gabriel Kuhn. The Merlin Press, 2011.
  10. Louis Althusser-en hitzetan Ideologiak subjetu konkretu bat interpelatuaz funtzionatzen du.
  11. Politicas de la naturaleza. Latour, Bruno. RBA libros. 2013
  12. Antropozeno terminoa 2000 urtean proposatu zuen Paul Crutzen Kimikako Nobel Saridunak.
  13. Sociedades movedizas. Delgado, Manuel. Anagrama, 2007.
  14. Vendran mas años malos y nos haran mas ciegos. Rafael Sanchez Ferlosio. Destino, 1993.
  15. Ecology without nature. Timothy Morton .Harvard University Press. 2007.
  16. “La comunidad negativa, la comunidad de los que no tienen comunidad.” La comunidad inconfesable. Maurice Blanchot. Arena,1983.

Categorized | Dossier, Sociedad

“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
Alfredo Sabat, Argentina
Bonill, Ecuador
Eugenia Nobati, Argentina
Irene Singer, Argentina
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Autores