Ockhamen labana: Pasa-hitzarenak egin du, ez horregatik tristatu

(Galde 17, negua/2016). Inaki Irazabalbeitia. Zenbat bider abertitu gaituzte gure tresna elektroniko guztiek, bitez segapoto, ordenagailu edo beste edozein, pasa-hitza segurua behar dutela, bestela, hackerrak eta traza txarreko beste hamaika gaizkile gure aparailuetan sartuko dira eta auskalo zer gaiztakeria-klase egingo diguten. Diru guztiak ostu, apika! Gauza bera bisitatzen ditugun webgunei buruz.

Egia esan kalaka handia dagite. Aldiro-aldiro segurtasun zibernetikoaren gururen bat azaltzen zaigu egunkariaren orrira edo telebistaren pantailara, irratiz sermoia predikatzen ez digunean! Denek antzeko gauzak. Eszenatoki dantesko eta apokaliptiko bat deskribatu ondoren, hori ebitatzeko errezeta ematen digute.

Errezeta guztiek antzeko osagaiak izaten dituzte. Ez erabili zurekin erraz lotu daitekeen karaktere-segidarik, etsenplurako zure jaiotza-data. Ez apuntatu pasa-hitza postit batean edo ordenagailuan gordetzen duzun Word dokumentu batean. Gunez gune eta gailuz gailu pasa-hitza kanbiatu. Zenbakiz, letra xehez eta larriz eta puntuazio-zeinuz osatutako 8 karaktere gutxienez izango dituzten pasa-hitzak usatu eta aldian behin pasa-hitz guztiak aldatu,…

Gomendio horiek entzun ondoren eta kalkulu erraz batean ohartzen zara hori egingo bazenu, hartuko zenukeen lanaren tamainaz. Halaber, dudak dituzu zure CPUak informazio horiek guztiak aise eta azkar prozesatzeko gai izango ote den. Ez ote den trabatuko zeinuen, zenbakien eta letren segida horiekin guztiekin eta buruan ez ote zaizun sortuko segida-anabasa bat nondik atarramenturik ezin izango duzun atera. Alegia, banku elektronikoa atzitzeko erabil nahi duzun pasa-hitz hori ez ote den izango webgune porno hartan sartzeko baliatzen duzunaren zati bat zeini erantsi diozun ordenagailua piztekoa. Hirugarren aldiz huts egin duzu eta diruak blokeatuta gelditu zaizkizu.

Azkenean, zure buruarekin fio ez eta pasa-hitz oro txukun-txukun dituzu idatzita ordenagailuan edo mugikorrean oharrak eskribitzeko programa horretan. Jausi egin zara hacker maltzurraren sarean! Baina, ba al dago amaren alabarik edo semerik zibersegurtasunaren mantra doi-doi aplika dezakeena?

Ez jaun-andreok! Esan dezagun argi! Hala ere, nire lagun gailego batek halako batean esan zidan berak bazuela arau horiek betetzeko metodoa paperean apuntatu beharrik izan gabe eta Deep Blueren konputazio-ahalmena izan barik. ‘Zein?’ galdetu nion jakin minez? Hara bere esplikazioa: poeta gailegoekin zerrenda kronologikoa osatu, izen bat hautatu hasteko, izen horrekin, lehen letra larria beti, zauden urtearekin eta galdera ikurra erantsita bukaeran pasa-hitz ganorazko batek behar dituen osagai guztiak dituzu! Pentsakor gelditu nintzen une batez, baiezko keinua egin nion, baina ez nintzen atrebitu nire lagunari esatea Deep Bluek hasperen bakarra beharko zukeela bere estrategia hankaz gora botatzeko. Izan ere, iruditu zitzaidan metodo hori paperean apuntatzea baino apur bat seguruagoa izan bazela, gutxi izanik ere.
Dena dela, pasa-hitz kanonikoaren estrategia horri zorrotz lotzeko moduko abilezia baduzu, ez pentsa salbu zaudenik. Zenbat bider entzun edo leitu duzun atzenaldian halako edo bestelako zerbitzari hipersegura hackeatu dutela eta hamaika milioika datu lapurtu dituztela. Horien artean zure pasa-hitza akaso! Momentu horretan, ‘hori da abelera!’ pentsatzen duzu hain segur eta, behar bada, izerdi hotza zure bizkarra miazkatzen nozitzen duzu.

Ez du ematen pasa-hitzak, korapilatsuenak ere, seguruak direnik. Akaba ditzagun pasa-hitzak! Eta gero zer? Gure datuak eta sekretuak gordeta nahi baditugu, zerbait beharko dugu. Pasa-hitzarenak egitear badago, orduan zer? Sobra ere, etorkizuna elementu biometrikoen bidez datorke: begi-niniaren egitura, hatz-markak, ahotsaren ezaugarriak,… Egia esan merkatuan badira jada hatz-markekin aktibatzen diren telefonoak edo ordenagailuak. Segapotoak gure ahotsa identifikatzeko gai dira. Ezin al dira elementu horiek usatu webguneetan ere sarbidea izateko? Teknologo batzuen ustez baiezkoa da arrapostua, teknologikoki eskura baititugu.

Kendu burutik pelikularen batean ikusi duzu hori! Bai, nola morroi hari hatza mozten zioten eta kutxa gotorraren hatz-irakurgailuari ziria sartzeko nola baliatzen zuten… Zure ahotsa graba dezaketela eta gero grabazio hori usa dezaketela etorri zaizu gogora…. Bueno gerta liteke, baina sikiera iruzur horiek txikizkakoak izango lirateke eta ez lukete balioko datuen megalapurretak egiteko. ‘Kontsolamendu merkea!’ jaulkiko didazu.

Zibersegurtatunaren aro berri baten atarian egon gaitezke eta, aurki, pasa-hitzak iraganeko gauzak izan daitezke; egun egiptoarren hieroglifikoak bezain bitxikeria bilaka daitezke. Lagunak, lasaiago biziko naizela uste dut, zibersegurtasunaren predikatzaileen sermoiez libratuko gara behintzat!

Categorized | Cultura

“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
Alfredo Sabat, Argentina
Bonill, Ecuador
Eugenia Nobati, Argentina
Irene Singer, Argentina
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Autores