Ockhamen labana. Itsasoa bete energia

sea

(Galde 11, negua/2015). Inaki Irazabalbeitia. Autoaren andela betetzera goazenean duela hilabete batzuk baino gutxiago argaltzen da gure patrika orain; petrolio-upelaren prezioa jaitsi dela seinale. Komunikabideei jaramon egiten badiegu, are gehiago jaitsi daiteke erregaien prezioa ez baita petrolio-upelaren prezioaren beherakadaren proportzio berean jaitsi. Sobra ere, petrolioa soberan da munduan. Jakitun gara hori ez dela horrela eta produkzio-gailurra jada harrapatu ez bada, gutxi falta zaiola. Epe motzeko interes politikoei eta ekonomikoei zor zaie petrolioaren merkealdia.
Testu-inguru horretan itsasoen energia hizpide izatea, ariketa teoriko interesgarria izan daitekeela pentsa lezake Urliak, praktikotik eta beharrezkotik deus duena. Ba oker dagoela esango nuke. Orain da garaia, petrolioaren burbuila zulatzen denean beste alternatiba bat izateko. Itsasoko energiez arituko gara gaur, epe motzean etorkizun oparoa izan baitezake.
Duela hamar urte itsasoen energiaz EVEk antolatutako jardunaldi batera joateko parada izan zuen. Bertan entzun eta ikasitakoarekin artikulu bat publikatu nuen Elhuyar aldizkarian (http://zientzia.eus/artikuluak/neptunoren-indarra/). Jardunaldi hartan itsasoaren energiaren ustiatzeko teknologiaren egoeraz mintzatu ziren besteak beste. Gogoan dut, hizlari batek baino gehiagok esandakoa: ‘Egun itsasoko energia ustiatzeko teknologia egoera energia eolikoarena duela 15 urte zegoen urratsa berean dago: komertzializatzeko zorian’. 2005erako energia eolikoa errealitate ukigarria zen eta ibilbidetxoa egina zuen energia-iturri komertzial moduan. Beraren inguruko industriak pisu handia zuen euskal ekonomian gainera. Agerikoa da horrelakorik ez dela gertatu oraindik itsasoaren energiarekin. Dudarik gabe, garapen teknologikoa duela hamar urtekoa baino aurreratuagoa da, baina gure etxeko elektrizitate-fakturan agertzeko puska bat falta zaio oraindik.
Derradan, guztiz zehatza esateko, itsas energietako batek bai izan duela garapen positiboa: itsas energia eolikoak. Dena dela, itsasoko energien artean sailkatu izan bada ere, argi da haizearen energia baliatzen dela ez itsasoarena, hots, lehorrean gertatzen den bezala. Teknologikoki baditu erronka batzuk hala nola korrosioa eta ainguratzea, baina finean lehorrean usatzen den teknologia bera baliatzen da. Itsasoko parke eolikoak gero eta ugariagoak dira munduan.
Hainbat modu dago itsasotik energia. OTEC sistemek ozeanoaren gainazalaren eta ur sakonen artean dagoen tenperatura diferentzia baliatzen dute energia elektrikoa lortzeko. Itsaso tropikaletan soilik da baliagarria eta ez da demostrazio-fasetik pasa. Ibaien estuarioetan dagoen gazitasun gradientea ere balia daiteke energia sortzeko, alegia, ur geza eta ur gazia nahastean sortzen den entropia ustiatzea. Urrun dago komertziala izatetik. Itsas korronteren energia zinetikoa ere usa daiteke energia lortzeko uretan jarritako turbina batzuen bidez. Badira munduan hainbat proiektu pilotu. Sistema honen arazorik larriena da ezin dela orokortu, korronteek abiadura-baldintza minimo batzuk bete behar dituztelako. Esaterako Iberiar penintsulan Gibraltargo itsasartea eta Galiziako kostaldea izango lirateke eremu egoki bakarrak.
Mareen energia jada komertzialki ustiatzen da, Bretainiako La Rance-n esaterako. Teknologia oso sinplea da: marea igotzen denean ura gordetzen duen presa batez eta turbina-sorta batez osatzen dira. Ez dirudi erabilera zabala izango duenik, batetik, toki bereziak behar dituelako eta, bestetik, ingurugiro-inpaktu handia duelako.
Egia esan, gorago egin dudan aipamena itsasoen energiaren eskuragarritasunaz, olatuen energiaren ustiaketari dagokio preziso. Olatuen energia kostako fatxadan eraikitako instalazioen bidez egin daiteke edo itsasoan flotatzen ari diren buia moduko sistemen bidez. Lehenaren etsenplua Mutrikuko kai berrian eraikitakoa da. Bigarrenaren sistema pilotuen andana bat frogatzen ari dira munduan. Izatekotan, bigarren honek du etorkizunik oparoena, olatuak itsasoan nonahi baitaude.
Euskal Herrian ongi kokatuta gaude olatuen energia ustiatzeko Bizkaiko golko olatuek tamaina eta norabide egokia baitituzte. Hortaz ez da harritzekoa gure artean interesa piztu izana. EAEko teknologia-zentroek itsasoen energiaren ustiapenaz diharduten ikerketa-taldeak dituzte duela urte batzuetatik hona; Iberdrolak planta-pilotu bat izan du Santoña parean eta EVEk zenbait ekimen bideratu ditu, Mutrikukoa lekuko.
Dena dela, urratsik interesgarriena joan den uztailaren 27n egin zen. EVEk bultzatuta Bimep izeneko eremua inaguratu zen Armintza parean, Lemoizko zentraletik oso gertu. Zer da Bimep? Olatuen energia biltzen dituzten gailuak eta horren inguruko teknologia frogatzeko eremu bat. Entseguetarako laborategi bat da. Bimep zedarritutako 5,2 km2-ko itsas eremua da. Eremua lau kableren bidez sare elektrikora konektatuta dago, Lemoizko zentralerako eraikitako sarearen bidez. Paradoxa ederra!
Honokoa urrats inportantea izan da. Alabaina, ez zait iruditzen EAEko agintariek egin duten apustua beste alor batzuetan egin dutenaren tamaina berekoa izan denik. Komunikazio-teknologien alorrean zuntz optikoa hedatzen edo Euskaltel sortzen eginiko ahalegin ekonomikoa askoz ere handiagoa eta sendoagoa izan zen. Ados! Komunikazio-teknologien azpiegiturak giltzarriak dira gizarte aurreratu baten ongizatea bermatzeko, baina hori bezain inportantea da EAEk duen menpekotasun energetikoa ahalik eta gehien murriztea. Esan gabe doa, berotegi gasen emisioak murriztearen beharra. Olatuen energia EAEko mix energetikoaren osagarri adierazgarria izan daiteke epe ez oso luzean. Horretarako urrats erabakigarriagoak eman behar dira, Nafarroako gobernuak duela 25 urte energia eolikoa bultzatzeko egin zituenen neurri bertsukoak. Erabaki politikoa da, teknologikoa baino. Beldur naiz, Bizkaiko hiriburuan kokatutako enpresa elektriko ezagunak ez ote duen lar baldintzatzen EAEn energia-alorrean hartzen diren erabaki politikoak.

Categorized | Dossier, Política

“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
Alfredo Sabat, Argentina
Bonill, Ecuador
Eugenia Nobati, Argentina
Irene Singer, Argentina
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Autores