Ockhamen labana. Neandertalak inozoak? Bai zera!

Neand

Inaki Irazabalbeitia. (Galde 09, negua 2015). Homo generoko espezieak direla eta saltsa egon ohi da antropologoen artean. Hominidoen eboluzioaren zuhaitza ez da jendeak pentsatzen duen bezain argia eta klaroa. Haren adarrak eta adarrondoak ez dira finkoak eta betierekoak. Zuhaitzaren eitea aldakorra da, ordea. Antropologoek egiten diharduten aurkikuntzak medio adar berriak botako ditu edota zaharren bat inausiko zaio.

Gure lehengusu gertuenen kasua da saltsa horren etsenpluetako bat. Zientzialari batzuentzat Homo neanderthalesis esan behar zaio. Gure arbolatik bereizitako beste adar bat izango litzateke, hots, beste homo espezie bat. Aitzitik, beste batzuek Homo sapiens neandertharlensis esaten diote, alegia, gure adarraren aldaera bat baino ez. Gizaki modernoa eta neandertala espezie bereko bi azpiespezie baino ez lirateke izango; Homo sapiens sapiens diote gure azpiespezieari.

Ez ditugu gizaki moderno harrook gure gertuko ahaide horiek oso uste onean. Gure iruditerian neandertalak familiako lehengusu baldarrak, itsusiak eta traketsak dira; gorila aurreratu batzuk baino deus gutxi gehiago izango lirateke. Ez ziratekeen hizketarako gai izango, marru batzuk baino ez zituzten egingo eta beren maila kognitiboa ere oso apala izango zatekeen. Irudi hori nagusia izan da baita zientzialarien artean ere. Gizaki modernook eboluzioaren gailurra izango ginatekeen, bakarrak izango ginatekeen eta neandertalak bidean gelditutako lehengusu tontoak.

Zientzia oker geundela demostratzen ari da. Neandertalak gizaki modernoaren inbidiarik ez zutela ikasten ari gara. Tresna aurreratuak egiteko gai ziren; arte-lanak ez zituzten arrotz eta, hain segur, hitz egiteko gai ziren.

Ustea zegoen, bestalde, gizaki modernoak erratza baten moduan eskobatu zituela neandertalak Europako beren bizitokitik. Gizaki modernoak Afrika utzi eta duela 45.000 mila urte Europara ailegatu zenean bertan bizi ziren neandertalak baino gehiago izanik di-da batean suntsitu zituela dogma zen. Are gehiago, bi espezieon arteko hibridazioa ere ez zela gertatu pentsatzen zen. Elkarrekin bizitzea fortunatu izan bazitzaien, ez ziren nahastu, ez promiskuitaterik egon. Horixe izan da historia ofiziala.

Aitzitik, DNA analisiek frogatu dute uste hori ere okerra zela. Endemas, gizaki modernoon genomaren % 1,5-2.1 bitartean neandertalen genoma da. Halaber, pertsona-kopuru handi batez osatutako lagin bat hartuko bagenu, neandertalen genomaren % 35-70 bitartean berrosatu ahal izango litzateke. Kalkulatu izan denez bi espezieok 5.000 mila urte bizi izan ziren elkarrekin Europan. Beraz, hibridazioa gertatzea ez da harritzekoa.

Arkeologiak ere aztarna adierazgarriak eman ditu. Neandertalek uste baino ahalmen kognitibo eta sinboliko handiago zituzten. Italiako Veneto eskualdean dagoen Grotta di Fumane izenekoan barraskilo-maskorrak gorriz tindatuta eta zulatuta zeudenak aurkitu dituzte, hots, lepoko baten aleak izan zitezkeenak. Bertan ere lumak aurkitu dira. Beraz pentsa daiteke beren burua apaintzeko ohitura zutela. Espainia hegoaldeko hainbat leize zuloetan pigmentuak usatzen zituztela ikusi da bertan utzitako aztarnetan. Pareta-margoak ei diren pigmentu-orbanak ere aurkitu dituzte Herbehereetako Maastricht hiritik gero. Duela 200.000 bat urte eginikoak dira.

Neendartalen elikadura-ohiturei buruz eginiko azken azterketek iradoki dute beren dieta ez zela soil-soilik ehizatzen zituzten mamutaren antzeko animalia handiez osatzen. Animalia txikiak, arraina eta landareak ere bere dietaren parte ziren.

Zergatik desagertu ziren bada neandertalak? Uste nagusiari jaramon eginez gero, gizaki modernoa kulturalki aurreratuagoa izateak ekarriko zuen ingurugiroa eskaintzen dituen baliabide aldakorrak hobe ustiatzeko gaitasun handiagoa izatea, baliaideaz eraginkorrago usatzea eta ingurugiroaren aldaketetara errazago moldatzea. Hortaz neandertalak baino moldagarriagoak izatea abantaila ebolutiboa eman zion gizaki modernoari. Beste faktore bat ere egon zitekeen. Neardertalen populazioa urria zen eta talde bakandutan bizi ziren. Hori berrikuntza kulturalak transmititzeko arazoa da. Bestelakoa zen egoera gizaki modernoaren baitan, populazioa hagitzez handiagoa zelako eta giza taldeek elkarren artean harreman gehiago zituztelako.

Aditu batzuek, hala ere, pisu handiagoa ematen diote bi gizakion populazioaren tamainaren alde handiari. Uste dute neandertalen populazio txikia gizaki modernoaren populazio handian diluitu zela besterik gabe eta gure DNA dauden neandertal DNAren aztarnak utzi dizkigutela oroigarri moduan.

Umiltasun lezioa iruditzen zait kontatutako hau. Duela 5 mende gure planeta unibertsoaren zentroa zela uste genuen. Zientziak oker geundela irakatsi zigun, zientzialari batzuk odoletan ordaindu bazuten hala ere. Unibertsoaren mugagabetasunean galdutako galaxia arrunt baten adar marjinal batean dir-dir egiten duen izar korriente baten inguruan jira-biraka ari den harkaitz-puska baino ez dela gure planeta hau ikasi genuen. Orain homo generoko espezie inteligenteen artean beste bat baino ez garela ikasten ari gara. Eta seguruenik ez gara ez inteligenteenak, egiten dihardugunari erreparatuta behinik-behin.

Categorized | Sociedad

“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
Alfredo Sabat, Argentina
Bonill, Ecuador
Eugenia Nobati, Argentina
Irene Singer, Argentina
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Autores