Ockhamen labana: Aipuez eta presioez

 

Galde 19 (uda/2017). Inaki Irazabalbeitia.
1980ko hamarkadaren lehen zatian Donostiako Kimika Fakultatean tesia egiten niharduela bibliografia kontsultatzea ohiko zeregina izaten zen. Batetik, zerorren ikerketa-esparruan egiten ziren aurreramenduak zaintzen zenituen. Bestetik esku artean zenuen arazoa konponbideren bat edo azalpenen bat norbaitek argi egin ote zion bilatzen zenuen.

Chemical Abstracts izeneko aldizkaria jasotzen genuen, non kimikari buruzko literaturaren berri ematen zen mundu osoko aldizkari espezializatuetan argitaratutako artikuluen izena eta edukien laburpena jasotzen ziren. Hura izaten zen gure informazio-iturri nagusia. Batzuetan Beilstein’s Handbook of Organic Chemistryra jotzen genuen, bereziki, garai bateko datu bibliografikoen bila. Lehena, Iparrameriketatko Estatu Batuetako Kimika Elkartearen ardurapean sortu zen 1907an. Bigarrena, Friedrich Konrad Beilstein kimikari errusiarrak sortu zuen 1881an.

Derradan, 2010z gero Chemical Abstractsen paperezko ediziorik ez dagoela jada.

Bi iturri horiekin batera beste aldizkaritxo bat jasotzen genuen, DIN A5 tamainakoa, paper mehean inprimaturik letra txikiarekin. Science Citation Index izenekoa zen eta izenak adierazten duenez artikulu zientifikoen bibliografia atalean aipatzen ziren artikuluen berri ematen zuen. Oso baliagarria zen alor zehatz batean munduan publikatzen ari zena azkar aurkitzeko. Argi erakusten zuen zeintzuk ziren ikerketa-joerak bestalde.

SCI eskuartean pasatzen nuenean, ez nuen ezta imajinatu ere egiten aipu horiek urte gutxiren buruan hartuko zuten indarra zientzialari baten eta ikerketa-talde baten emaitzak epaitzeko unean.

Ikerlariak beren lana justifikatzeko eta ikerketarako funtsak lortzeko emaitzen berri artikulu moduan publikatu behar izaten dute beren alorreko aldizkariren batean. Aldizkariaren aukeraketa ez da txatxukeria, oso inportantea baizik, aldizkariok publikatzen dituzten ikerlanen kalitatearen arabera sailkatuta baitaude. Zenbat eta kalitate handiagoko aldizkarian orduan eta aukera gehiago zure karreran aurrera egiteko edo ikerketarako funtsak erdiesteko. Ikerlariak publikatzeko presioaz jasotzeaz gain, non publikatuaren presioa ere jasotzen du.

Urtean 2,5 milioi artikulu zientifikotik gora publikatzen dira munduan 25.000 bat mila aldizkari zientifikoetan. Horiek guztiek pareen berrikusketa (peer review) sistemaren bidez aukeratzen dute zer publikatu. Aldizkari horietako 12.000 inguruk ‘inpaktu-faktorea’ delakoaren arabera sailkatzen edo hierarkizatzen ditu Clarivate Analytics konpainiak. Nola hierarkizatzen da? Ba artikuluek aurreko bi urtetan epean izan duten batezbesteko aipuen bidez. Egun The Lancet, medikuntzako aldizkariak, 47ko inpaktu-indizea du, Naturek 40 eta Sciencek 37. Aldizkari oso espezializatuek 1 baino txikiagoa izan dezakete.

Zer dakar horrek? Ikerlariak publikatzeaz gain behartzen direla indize altuko aldizkarietan publikatzera. Horregatik, esaten da lehen ‘argitaratu ala hil’ zela zientzialarien leloa eta gaur ‘inpaktatu ala hil’ dela. Horrek presio handia eragiten die ikerlariei, bereziki beren karrera egiten duten lanaren ‘bikaintasunaren’ menpe dagoenean, doktoradutza-ikasleak edo kontratupeko doktoreak kasu. Izan ere, ikerlari partikularrak ere neurtzen dira. Hirsck (h) faktorea usatzen da horretarako eta horrek kontuan hartzen ditu ikerlariak publikatu dituen artikulu-kopurua eta artikulu horiek izan duten aipu-kopurua. Zenbaki huts bihurtzen da ikerlaria! Ez pentsa txatxetako gauza denik!

Indizearen sortzaile Jorge E. Hirschek berak esaten du fisikarien kasuan 12ko h-k goi-mailako unibertsitate batean irakasle titular izateko aukera ematen duela, 18koak katedratiko izatekoa, 15-20 tarteak Iparramerikatako Fisika Elkarteko kide izatekoa eta 45 edo handiagoak Iparramerikatako Zientzien Akademia Nazionaleko kidetza. Nobelak zenbat? Ba kasu batzuetan askoz ere gutxiago. Izan ere, bere izena daraman bosoi ezagunaren aitak, Peter Higgs-ek alegia, 11ko h-a baino ez du! Oso gutxi publikatzen du.

Egia da gizarteak ikerketa finantzatzen inbertitzen duen diruaren emaitzak egokiak diren jakiteko eskubidea duela; lan zientifikoaren kalitatea neurtzea beharrezkoa dela. Alabaina, iruditzen zait egungo sistemak eta metrikek kantitatea bultzatzen dutela eta ez horren beste egindako lanaren berezko kalitatea. Komunitate zientifikoan badira mugimenduak zentzu horretan 2013ko DORA adierazpenak eskatzen du ikerlari baten lana juzgatzeko inpaktu-faktoreen sistema abandonatzea (http://www.ascb.org/dora/).

Lortuko al dute? Zaila sistema guztiaren atzean interes ekonomiko oligopolista handia dagoelako. Hori beste artikulua bateko osagaia izango da!

Categorized | Sociedad

“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
Alfredo Sabat, Argentina
Bonill, Ecuador
Eugenia Nobati, Argentina
Irene Singer, Argentina
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Autores