Errautsaren fruituak

Felipe Juaristi

1

Honetarik guztitik, bada, nabarmentzen da, ez garela zerbaitetan ahalegintzen, edota ez dugula zerbait nahi izaten, gutiziatzen edo desiratzen zerbait hori ona dela pentsatzen dugulako; alderantziz, baizik, gauza bat ona dela pentsatzen dugu horretan ahalegintzen garelako, edota hura nahi izaten, gutiziatzen edo desiratzen dugulako.

Spinoza 

Esaldiak, irakurri ahala bihotza zilipurdika jartzen dit, eta, ezinbestean, gogoetara bultzatzen nau.

Har ditzagun esaldian azaltzen diren aditzak: nahi, gutiziatu eta desiratu. Borondatezko aditzak dira eta, teorian, ez dute inperatiborik onartzen.

Inork ez liezaioke inori inongo nahirik agindu. “Nahi ezazu”, esaldi okerra da, gramatikaren arabera ere. Beste galdera da, zerbait nahi dugula esaten dugunean, benetan ote nahi dugun bera. Nahiak eta nahiak daude, jakina, baita nahikeriak eta nahikundeak ere.

Tirano ergel batek soilik agindu dezake halakorik.

Ez dago kanpoko eragilerik, zerbait nahi izatera behartuko gaituenik. Inork ez luke halakorik onartuko, libre sentitzen baikara, alegia libreak garela uste dugu, zer egiten dugun badakigulako; baina ez dakigu zergatik egiten dugun egiten duguna.

2

Definizioz libre deitzen zaio badenari, eta berez  eta bakarrik egile denari.

Spinoza

Libreak gara, ala bestela esklabo?, galde daiteke; baina erantzunak ere bere mugak aitortu behar ditu. Esklabo ote agindua betetzen duena? Eta librea, bere nahiera dabilena? Gainera, zer da bere nahiera ibiltzea? Aditz berarekin egin dugu topo eta nahiaren lurraldean sartu gara, dirudien baino lurralde konplikatuagoan.

Sonanbuluak ote gara? Ametsetan, esna gaudenean egitera ausartzen ez garen gauzak egiten ditugu. Norbait ari zaigu gure harietatik tiraka, txotxongiloak bagina bezala.

Baina inork ez dio sekula halakorik aitortuko bere buruari; are gutxiago bere buruaren aurrean.

Nahiak ez du berezko indarrik, bera baita indarra. Bera da gizakiaren oinarrian ezkuturik dagoen eragilea.

Desira oinarrizko indarra da, ekintza guztien azpi-azpian dagoena, bere izate horretaz oso gutxitan ohartarazten bagaitu ere. Baina oker geundeke desira maitasunaren lurraldera soilik zabalduko bagenu. Desira arlo guztietara hedatzen den indarra da eta arlo guztiak ukitzen ditu, batzuk itxuratuz, eta beste batzuk desitxuratuz.

Bera da indarrik lehen eta nagusiena. Gizakiaren pasioak eta afektuak gidatzen ditu, eta desbideratzen eta barreiatzen.

Gu bezain zaharra da eta, aldi berean, beti gazte azaltzeko dohainaz jantzirik dago. Desirak inguruan duen guztia zilipurdika jartzen du, eta desitxuratzen ditu jotzen dituen gorputzak oro.

Pasioen iturri da, eta, era berean, haien itsaso, non hiltzen diren giza izaera sendotzen edo ahultzen duten bultzadak.

Nahas gaitezke, eta galdu; itsasontzi lodi bat itsas aho bateko sarreran bezala; baina orduan ere desirak hala nahi duelako izango da.

3

 Desira da errealitatearen esentzia.

Lacan

Alegia, errealitateari dagokiona da desira. Baina desira, era berean, zerbaitena da. Egon daiteke desira hutsa, baina ez helmugarik edo hartzailerik ez duen desirarik. Egon daiteke gezi hutsa, zuhaitza preziatu baten adarretik sortua; baina alferrikakoa litzateke, nora jotzerik ez balu. Aspaldiko garaietan egonean zeuden soldaduek geziak jaurtitzen zituzten, inguruan zituzten zuhaitzen aurka, edo-eta zerura besterik gabe: arkuaren malgutasuna ziurtatzeko, beren besoen indarra bermatzeko. Ariketak ziren, zenbat eta eraginkorragoak benetako etsaiaren aurka: frantsesaren aurka, arkuduna ingelesa bazen. Halaxe gertatzen da desirarekin: jar daiteke bidean inolako helburu zehatzik gabe, berezko dituen joera eta mugitzeko trebeziagatik. Baina behin helburua zehazten duenean, orduan den bezalako azaltzen da. Bera gabe ezin daiteke errealitatea ulertu, ezta interpretatu ere.

Esan nahi da, ez dagoela bizitza ulertzerik, ezta idazterik ere, desira zer eta zertan den ulertu gabe. Desirak, maitasunak bezala, osotasuna mugatua den aldea jotzen du. Ez da arraroa, jakina, desira eta maitasuna biak nahastea; maitasuna desirarik gabe ez baita deus.

Gaizki ulertuko genuke desira, ulertuko bagenu mugarik gabeko bulkada bezala. Izan ere, mugak ezartzen dio bizitzari, eta haren gainean idatzi nahi den testuari, antolamendurako tresnarik egokiena. Mugak leizearen irudia dakar batzuentzat; eta egia da, desiraren irudi kanonikoak horretara eraman ohi duela: lurralde batera, nondik itzultzea ezinezkoa den, non bertan desegiten diren desira eta desira duena, alegia gizakia.

Baina muga hori izan daiteke, era berean, geldiunea, gogoeta egiteko tartea. Baina, ezin ahantzi, desirak ez dituela atsedenaldiak maite eta ez dela gogoetaren lagun. Itsasoak bezala, beti jo nahi du, bera lehertu edo berak leherrarazi bitartean.

4

“Ezustekoa dena ez baduzu espero

ez duzu sekula aurkituko,

aurkitzen eta iristen zaila baita”

Heraklito

Espero dena espero izatea esperantza da. Egoera bat da bera, egonera bultzatzen duena. Ez da izaera, alegia izateko jaioa. Espero izatea irekiera da. Esperantzak infinituari atea irekitzen dio, ez izenik ez aurpegirik ez duenari izena eta aurpegia ematen. Esperantza ertzekoa da, zeruertzekoa, horizontala.

Espero ez dena espero izatea, esperantza bainoago, halabeharraren trikimailua da. Esperantzak ilusioak eraikitzen dituen indar berarekin, halabeharrak, askotan, bizitzako arau eta legeak desegiten ditu. Halabeharra hauslea da, munduaren ordena hausten du, berririk eraiki gabe, ordea. Jolasean baino ez du zentzurik.

Espero dena espero ez izatea etsipena da.

Ezustekoa espero ez bada, ez da sekula gertatuko. Baina espero bada ez da ezustekorik izango. Esperoa eta ustea elkarren kontra jarrita baitaude. Uste dena gertatuko dela espero da, espero dena aurkituko dela uste den bezala. Ezustekoak, ordea, esperantza deuseztatzen du eta, neurri batez, haren tokia hartzen.

5

 Gorputzak zer dezakeen nehork ez du oraindaino zehaztu.

Spinoza

I

Dena ahal lezake gorputzak eta, era berean, ezer ez lezake ahal. Kanta lezake goizean eta, ez horregatik, txantxangorri izan. Oihu egin lezake eguerdian eta, ez horregatik, txirula izan. Barre egin lezake arratsean eta, ez horregatik, haize izan. Negar egin lezake gauean eta, ez horregatik, euri izan. Ur bihur daiteke oinazez eta, ez horregatik, elur izan. Desegin daiteke plazerez eta, ez horregatik, hari-albainua izan.

Gora daiteke oinekin bat eginda, baina ez lezake zerua jo, bere izaera galtzeke, gorpu huts bihurtzeke.

II

Gorputzak egia esaten du beti.

Baina ez daki beti egia esaten duenik.

III

Haragiaren erresuma bizi da gugan. Bizitzeke eta janzteke uzten gaitu.

Haragi soil, jantzirik gaude; biluzik haragi gabe gara, gorputz gorri eta sakona bizian.

Minik ezean heriotza bizi da, isil, geldi eta odolusturik.

Gorputzik gabe deus ez da haragia.

6

Zertarako poesia Auschwitz eta gero?

Theodor Adorno

1

Errauts euria ari du zerutik behera.

Zerutik gora haragia zintzilik, eguna argituko ez duen kriseilu gardena. Haragia haizeak disekatu du, eta haizea haragiak mugiarazten du, errotak ibaia bezala.

Hitzak garaiz baino lehenago hazi dira aurten. Barrena hatz gorriz ireki eta fruitu beltz, hanpatu, lodia da ageri. Kosk egin eta ustela azaldu da, hilik bezala.

Ez dago minik, hutsa baizik.

Patioko putzuan aingeru batek edateko eman dio arranoari. Hegalen anaitasuna, hegaztien musika piztua. Elkar suntsitu aurretiko bake irudia.

Emakumeen bularrak lurrean dira, hareazko muino txiki bigunak.

Izuak odola du usaindu, ehiztariak abere otzana bezala. Zaunka egin du.

Bihotzaren adarrak, zuriz zauriturik, hautsi egin dira.

2

Hildakoek ez dakite hilik daudela.

Bizirik daudenek ere ez dakite bizirik daudela. Ez dira beren baitatik atera eta barreiatu.

Badabiltza eta ez doaz inora. Toki guztietan izan dira, baina sekula ez garaian.

Hildakoak itsasora iritsi diren ibaiak dira. Lasaitasuna darie haien begi hutsei. Badakite ez dutela gehiago ibili beharrik izango.

Zein nekea den oroitzea, gaixotasun larri eta sendaezina.

Eskuetan usoak, ahoan eztia, tximeletak dantzan buruan.

Izu guztiez haratago argi zuria dago.

Ez ditu zikindu diren hitzak garbitzen.

Milaka zeru eta milaka itsaso beharko lirateke horretarako.

3

Hitz egiten du baina ez zaio entzuten.

Elurrez beterik dagoela dirudi.

Ahoa irekitzen du eta dena zuri ikusten da.

Hitz-mendiak estalirik daude, gorpuak bezala.

Lan hau Felipe Juaristi prestatzen ari den liburuko pasartea da.

Categorized | Cultura

“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
Alfredo Sabat, Argentina
Bonill, Ecuador
Eugenia Nobati, Argentina
Irene Singer, Argentina
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Autores