Egungo eta etorkizuneko euskal kulturaz…

(Galde 15 – uda/2016). Xabier AierdiGutxi dauka orijinaletik gai honek, hainbat aldiz errepikatu dugu eta ia zer den euskal kultura. Erantzunak ere ugariak izan dira eta hona hemen neurea: herri a-normalek histori a-normala eta bizipen a-normalak izaten dituzte eta normalean hiritar a-normalak egiten ditu. Seguruenik, zorionerako. Propiokidagokidanean, ederto ondo joan zait. Matrioskha itxurako jendarte batean sortu izanak bizitzaren eta izatearen muga labankorrakerakustsi dizkit. Ez naiz eta ezin naiteke damu izan euskaldun eta euskaradun jaio izanagatik. Inoiz pentsatu dut Sorian jaiotzeak abantaila ugari dituela eta urtean behin hilabete batez soriarra edo Avilakoa izatea gurako nuke: triste nengoke La Rojak Frantziako txapelketan galdu duelako, Euskal Herriko abertzalei ia zertarako Estatu bat nahi duten galdetuko nieke, eta alboan bi mundu-hizkuntza eskura izanda (gaztelera eta frantzesera) euskara bezain hizkuntza hain irrelebantea mantentzeak onurarik dakarren sinestu ere ezingo nuke egin. Gainera, begibistako normaltasunetik galdera inozoak egingo nizkieke. Normaltasuna beti banala izaten da, hortan datza bere indarra. Baina kultura txikiegi batean jaiotakoek banalak izateko aukera eskasagoak izaten dituzte. Esan zigun Ruper Ordorikak euskaldun izatea oso nekeza zela, eta gure Lete handi eta guztiahaldunak atsedenik hartu gabe “horrela ibiltzen gera sortuz eta sortuz gure aukera” gaineratu zuen. Atseden ezatik aztertu izan eta aztertzen ditut nire bizipen gehienak. Hortixek dakusat euskal kultura eta berari dagozkion edukiak, eraikuntza oso prekarioa duen egituraren antzarekin.

Beraz, ekin diezaioguninkognikta honi? Zer ote da euskal kultura? Ba, seguruenik, Euskal Herri irudikatutako hiritar guztiek egiten dutena. Neure gurutzada pertsonala dut herritar hitzaren kontra, batik bat herritar hitzak hiritar hitza barnehartu eta agortu gura duenean.

Euskal kulturak gutxienez bi osakin lituzke. Bata, hizkuntzari lotua; bigarrena, edukiari. Eremu honetan, arazoak edo kezkak gehienetan edukiak ekarri izan ditu. Hizkuntzak nahasi egiten du, askorentzako euskaraz egiten den oro ez delako euskal kultura. Eztabaida honetatik aspaldi erretiratu nintzen. Edonola ere, euskararekiko kezkatuek ez lukete sekula gazteleraz egiten den kulturarekiko zalantza berbera.

Edukietan, nortasunaren esentziak bilatu gura izan dira, askotan hizkuntza bera ere sakrifikatu egin delarik. Ezinbestean, euskal kulturaren inguruko eztabaida plazara euskal nazionalismoak dakar: nazionalismo guztiek bezalaxe, propioa eta gainontzeko kulturak bereiztu beharra dakar eta hor sortzen da euskaltasuna izan litekeenaz eta nola eta zein hizkuntzatan gara litekeenaren inguruko proposamenak. Hori horrela da, horrela izan behar du eta horrela izaten jarraituko du. Sarkozyk identitatearen inguruko ministerioa sortu zuen eta Huntington-ek WASP kultura latinoen bultzadarekin inguratuta ikusten zuen. Horrela esan zuen: “Miami abandonatzen duen azken amerikarrak, [amerikar] bandera bildu eta ekar dezala!”. Latinoak, extralurtarrak omen ziren!

Guzti honen atzean nazionalismo metodologikoa daukagu, eta ikusmolde honen araberaz, metodoz, abiapuntuz, sortua edo sortzear dagoen unitate politiko bakoitzari kultur-, hizkuntz- eta nazio- identitate bakarra egotzi beharko litzaioke. Hori da framedominante bakarra. Azter ditzagun Europa ilustratuan irabazten ari diren indarrak xenofoboak eta ez hain xenofoboak.

Baina, zer da gertatzen dena? Egungo gizarteotan, eta agian era intentsoagoan gure bezalakoetan, diskurtsoak eta praktikak metatu egiten dira eta bakoitzak bere nazionalismoa lehenesten badu ere, gero nahastea praktikatzen du, ez kosmopolitismo metodologikoa noski, baizik eta kultur espazioan dominazio eta klase harremanen araberako borroka sinbolikoek dakarten jerarkizazioak sortzen kultura erreala. Tartean, hori bai, neurotikoen aliantzak jokatzen du, baina gehiago diskurtsoan praktikan baino, parte bakoitzaren ametsak  bestearenaren amesgaiztoak bihurtuz.

Euskal kulturaren egungo edukian, edozein delarik zein hizkuntzatan egiten den, neurri oso apalean da nagusi tokikotasuna. Egungo euskarazko idazle, bertsolari eta beste hainbat kultur eragilek mundu-erreferentziak erabiltzen ditu, besterik da bere burua nola janzten duen edo egiten duena zelango diskurtsoarekin apaintzen duen. Esaterako, egun euskaraz egiten den literaturan garrantzi handiagoa du genero ikuspegiak euskal esentziak edo hizkuntza berak baino. Gehiago esango nuke eta hemen doa probokaziorako tesi bat: obsesio handiagoa dute esentziekin egun erdaraz euskal kultura egiten dutenak euskarak gauza bera egiten dutenak baino. Ochoapellidosvascos Txomin del Regato berriek baino ezin dute egin eta eragile hauek Paco Martínez Soriarengandik hurbilago daude egungo hezurmamizko euskaldun eta, zer esan, euskaraz ari den kulturgile batengandik baino. Mundu bat irudikatu dute eta On Kixote bezalaxe eraiki dituzten mundu auto-imaginarioetako haize-errotekin borrokan ari dira. Cést la vie! Arriskutsua da oso errealitatearen definizio desegokiak egitea, haien arabera jokatzen da gero eta…

Eta dagoenaz eta datorrenaz, zer? Ba eduki berberak jorratuko dira euskaraz, gazteleraz, frantzieraz, ingeleraz eta bertaratu diren beste bi edo hiru -sei, zazpi- etorkinen hizkuntzetan. Etorriko denean euskal kultura egiten jarraituko dugu, euskal hiritarrak izango garelako. Baina sektore batzuk mundu mailako diskurtso dominanteen baitako logika praktikatuko dugu, edozein izango delarik erabiltzen dugun hizkuntza. Beste sektore batzuk logika dominatuetan edo emergenteetan jokatuko dute. Marko guzti honetan era oso nahasian gainera bi faktore berrik eragingo dute: ingelerak eta globalizazioak.

Globalizazioak munduan zehar gizarte sektoreak berdindu eta bereizten ditu. Manuel Castellsek zioen moduan globalizazioak afektatu eta kaltetzea baino okerragoa da zugandik paso egiten badu. Globalizazioak ezinbestean nahastea dakar, eta baita borrastea ere.

Ingelerak aurreko egoera hau intentsifikatu eta kulturen sailkapen  berri bat ekarriko du, kutsagarriagoak direnak bultzatuz eta gainontzekoak baztertuz. Euskal kulturari ingelerak kalte handia egingo dio. Ez dago besterik gero eta gure kaleetan eta erakusleihoetan ingeleraren merkatu balioa ikustea baino, oro har gure ekitaldi, ekimen eta merkatal harremanak ingeleraz bakarrik iragartzen direlarik: beherapen garaiak datozelarik ohikoagoak dira “Sales”, “Summer Sales Fest”, “Buynow or crylater”, BEC, BCC, BBK Live eta antzekoak “Beherapenak” baino. Hizkuntza handiagoak arriskuan daudenean, euskararen kasua kanonikoa da. Eurovision bezalako ekimen negargarri horretan hainbat herrialdek ingelerara jotzen dutenean, euskara edo “txikia ederra” delako mantenduko da edo eta haren bulkadak aurretik eramango du. Hor galtzekotan hizkuntz kanala galduko da, besterik da hizkuntza horretan zer transmititzen den. Egun ingelerak inposatzeko duen abantaila ez datza kultur-hizkuntza izatean, ekonomi hizkuntza izatea baino, ekonomiaren alde ekonomikoenean eta, baita, eta hemen datza bere indarra, ekonomia kognitiboarenean, ahaleginen ekonomian. Guztiaren ondorioz, kultur-hizkuntza ere izaten amaitzen du.

Testuinguru honetan, euskal kulturaren izaera intrinsekoa edo esentzialak garrantzia galdu egiten du. Euskal kultura zer den-ari buruzko galderan beti dago eta egongo da irabazlearen kondeszendentzia, aintzat ematen da eta euskal kulturaz ari denak nolabaiteko baserritarrekeria erabili behar duela, hots, nahitaez antigualeko eskemak errekuperatuko dituela edo eta esentzien bilakeran tematuko dela. Bestelakoa da egungo Euskal Herria eta ez dago hausnarketa sinple bat egitea baino: nola da posible heregunera arte Bilduri botoa eman dioten hainbatek Podemos-i inolako arazo barik transferitu izana. Bilduri ematen ziotenean esentzia defendatzen zuten eta orain modernotasuna, ezta? Egungo Euskal Herria, abertzaletasuna barne, baloreen aldetik oso postmaterialista da, eta balore materialei baino espresiboei ematen die lehentasuna. Askotan, euskal kultura zertan den galdetzen duenaren mundu ikuskera islatzen da gehiago erantzun behar duenarena baino.

Etorkizuneko euskal kultura oso kultura homologatua izango da, dagoeneko den modukoa. Ez dezala inor bilatu modernotasunarekin edo modernotasun berantiarrarekin lotura zuzenagorik erdal kulturetan euskal kulturan baino, ez baitu horrelakorik aurkituko. Hortaz, kulturaren eguneroko izaerari bagagozkio, hau da portaera eta gizarte egituretan erantsia dagoenari, euskal gizartea ez da ingurukoak baino atzerakoiagoa, ez dute behintzat hori erakusten ez egitura baloreek, ez hautu pertsonalek ezta aldagarri soziodemografikoek ere. Euskal gizartean euskaraz, gazteleraz edo frantzieraz ari direnek gai berberak modu berberean jorratzen dituzte.

Kulturaren izaera dotore edo aristokratikoari bagagozkio, lehenengo eta behin gizarte-klase analisiak egin behar dira eta egun goi posizioetan erdaldun baino euskaldun hiritartu gehiago dago. Bigarrenik, kopuru kontua da. Normala da Bilbon baino New Yorken adierazpen kultural berritzaile gehiago egotea. Eta baita Madrilen baino.

Amaitzeko, ez dugu nahastu behar politikoki jendarteak dituen nahiak gustukoak ez baditugu ere eta jendarte berorrek dituen praktika kulturalak. Norbere burua kosmopolitatzat aurkeztu izanak ez du halabeharrez kultura unibertsalik ekartzen, ezta nazionalistatzat aurkeztu izanak kultura murritzik. Milan Kunderak hitzaldi bat hasi zuen Parisen honako hitzekin: “Egunen batean, txekiera desagertzen bada…”, eta konturatu zen esaldi harek ez zuela inolako zentzurik entzulegoarentzako, entzuleek frantziera galdu zitekeenaren hipotesian ez baitzuten sekula erreparatzeko motiborik aurkitu eta.

Eta “horrela ibiltzen gera sortuz eta sortuz gure aukera”.

Categorized | Cultura, Dossier, Política

“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
Alfredo Sabat, Argentina
Bonill, Ecuador
Eugenia Nobati, Argentina
Irene Singer, Argentina
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Autores